Maccabi Tel Aviv eta Hapoel Tel Aviv saskibaloi talde israeldarrak Gasteizera etortzekoak dira.

Palestinarekin Elkartasuna plataformatik Baskoniaren aurka jokatuko dituzten partidak bertan behera gelditzea exijitzen dugu, eta boikoterako deia egiten dugu. Horretarako, martxoaren 27ko manifestaziora batzeko deia luzatzen dizuegu.

Aurreko urtean kaleak hartu genituen Maccabik Baskoniaren aurka Gasteizen jokatu zuen partida bertan behera gera zedin exijitzeko. Argi genuen orduan, eta argi dugu orain ere: kirola eta politika zeharo lotuta daude, eta horren adibide dira partida hauek.

Israelek bere irudia garbitzeko baliatzen ditu, besteak beste, kirol ikuskizunak. Adibide argia dugu hau, Europaren parte ez den arren, Euroligan parte hartzen ari baita. Modu horretan, entitate sionistak bere burua normalizatu nahi du, eta proiektua aurrera eramateko beharrezkoak dituen harremanak egonkortu nahi ditu. Estatu moderno gisa aurkeztu nahi du bere burua, eta propagandaren bidez estali nahi du egiazki entitate kolonial eta supremazista dela.
Izan ere, egungo egoera bake gisara saldu nahi badigute ere, palestinar herriaren aurkako genozidioak bere horretan dirau: “su etenaz” geroztik, 600 palestinar baino gehioago hil ditu Israelek Gazan, eta Zisjordaniako lurren desjabetze masiboa legeztatu du. Ezin dugu ahaztu: talde hauetako zuzendaritzako kideak eta jokalariak estatu genozidaren enbaxadore dira, eta harreman estua dute okupazio armadarekin.

Hitz gutxitan, Israelekin harremanak normalizatzeak proiektu sionista gauzatzeko legitimitatea ematen dio. Horregatik, argi eta garbi diogu: harremanak erabat eten behar dira, baita kirol arloan ere.

Badakigu instituzioek ez dutela benetako interesik Israelekin harremanak eteteko. Euskal Herrian Israelen presentzia normalizatzen duten hainbat ekimen ditugu, baina mobilizazio jendetsuak eta borroka arrakastatsuak izan dira sionismoaren eta bere konplizeen aurka. Horren adibide dira Espainiako La vuelta-ren harira egondako erantzunaren arrakasta, Elitzur Ramla saskibaloi taldeak Gernikan ez jokatzea lortu izana, eta baita 2025eko otsailaren 7an Gasteizen Maccabiren etorreraren aurka milaka lagun mobilizatu izana ere. Borroka horiek dira gure eredu.

Partida hauei dagokienez, hainbat dira inplikaturiko agenteak. Euroliga bera seinalatu beharra dago Israelen parte hartzea baimentzeagatik, saskibaloi txapelketa pribatua da, eta bere bazkideen esku dago nork parte har dezakeen eta nork ez; Europaren parte ez den Israelen salbuespeneko partehartzea, beraz, Israel estatu aliatu gisa irudikatzeko erabaki argia da.
Gainera, gobernu ardura instituzionalak ere daude: Eusko Jaurlaritzak eskumena du kirol ekimenak bertan behera uzteko, Arabako Diputazioa Buesa Arenaren jabe da, eta Gasteizko Udalak hiriko azpiegituren kudeaketa darama. Areago, irailean, Arabako diputatu nagusiak,
Ramiro Gonzalezek, Euroligari exijitu zion Maccabi eta Hapoel kanporatzeko. Non sartu da geroztik?
Azkenik, Baskonia klubeko zuzendaritzak duen ardura azpimarratu nahi dugu: klubak partida
jokatzeari uko egin diezaioke. Haiekin bildu gara jada, eta aurreko urtean bezala, momentuz, gure eskakizunei entzungor egin diete. Gure hautua argia da: partidak ezin dira normaltasunez jokatu, eta beraz, zaletuei boikotera batzeko gonbita luzatu nahi dizuegu. Hustu dezagun estadioa, ikus dezatela Gasteizen ez dugula sionistarik ikusi ere egin nahi.

Azken hilabeteetan, bake faltsu bat saldu nahi digute, eta agenda mediatikotik desagerrarazi nahi dute Palestinako genozidioa. Horren aurrean, ezinbestekoa da palestinar herriaren alde eta Israelen aurka antolatzen eta mobilizatzen jarraitzea. Zentzu horretan, hiriko zenbait eragile ari gara kanpaina honetan elkarlanean, eta aurrera jarraituko dugu.

Ezin dugu onartu Israel normalizatzen duen ekimenik, ez Euskal Herrian ez inon. Izan ere, potentzia inperialistek babestutako estatu genozida honen existentziak Palestinaren eta inguruko herrien askatasuna eragozten du. Horiek horrela, palestinar herriarekin elkartasunak eskatzen du bere erresistentzia babestea eta langile klasea antolatzea Israelekin mota guztietako harremanak hausteko, baita kirolean ere.

Funtsean, partidak bertan behera gelditzea exijitzen dugu, eta boikoterako deia egiten dugu. Hustu dezagun estadioa eta bete ditzagun kaleak. Batu manifestaziora, martxoaren 27an 18:30ean Iparralde gizarte etxetik.

Denon artean gelditu ditzagun partidak. Maccabi eta Hapoel kanpora!
Palestina askatu!
Israel desegitera bidean, harreman oro eten!

https://www.facebook.com/Palestinarekin/
https://www.instagram.com/palestinarekin/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude