1976ko martxoaren 3ko gauean bertan, Lluis Llachek «Campanades a morts» kantata epikoa konposatu zuen, gaur egun oraindik ahanzturaren eta zigorgabetasunaren aurka oihukatzen duen lan bikaina. Orain, 50 urte geroago, Martxoak 3 elkarteak abesti berri bat sortzea bultzatu du, oroitzeko, salatzeko eta ametsak oraindik indarrean daudela azpimarratzeko ereserki berria. «Amets berriak» da abesti honen izenburua. Letra Karmele Jaio gasteiztarrak idatzi du. Musika Idoia Asurmendik egin du eta moldaketek Koldo Uriarteren zigilua daramate. Abesti honek bi bertsio ditu: jatorrizkoa, hiru minutukoa eta luzatutako beste bat, sei minutukoa, zeinean koruek eta hari-instrumentuek ere parte hartzen duten. Sarraskiaren urteurrenarekin bat eginez, Martxoak 3 elkarteak binilozko disko bat argitaratu du, bi abesti hauek biltzen dituena: «Campanades a morts» eta «Amets berriak». Serigrafía.eus webgunean eros daiteke, 25 euroren truke, Angel Hellan gasteiztarrak diseinatutako poltsarekin batera. Datozen asteetan abesti berri honetarako sortutako bideoklipa estreinatuko da. Honekin 50 dira jada 1976tik martxoaren 3ari begira sortutako kantuak edo Gasteizko sarraskia aipatzen dutenak. Beraz, 50.urteurren betean 50 abesti bildu dira. Preorder: shop.serigrafia.eus/am3ts-berriak/ www.martxoak3.org Bidalketetan zehar nabigatu Jimmy Jazz Aretoak martxoaren 13an hartuko du «M3moria zuzenean» Martxoaren 3ko 50. urteurrenaren harira ‘Inor ez’ film laburra ondu dute