50 urte bete dira martxoaren 3ko sarraskia gertatu zenetik, Franco hil eta 100 egunera. Diktadorea duela mende erdi baino gehiago hil zen, baina frankismoa ez. Dena «lotuta eta ondo lotuta» utzi zuten eta estatu-indarkeria sistematikoki praktikatzen jarraitu zen.


“Franco gabeko frankismo horren biktimak gara, espainiar inpunitatearen eredu jasanezina salatzen dugu eta Egia, Justizia, Erreparazioa eta Ez Errepikatzeko Bermeak aldarrikatzen ditugu” adierazi du Martxoak 3 elkarteak. Sanfermines 78 Gogoan-ekin batera «ESTATUA ERANTZULE» kanpainari ekin zion iazko ekainean, erantzunak eskatzeko. “Norabide onean egiten dugun urrats bakoitzak bidea ireki dezakeela erakundeek ahaztutako beste biktima askok zor zaien eta oraindik egiteke dagoen aitorpen osoa izan dezaten” esan dute Andoni Txaskok eta Nerea Martinezek, Gasteizko sarraskiaren biktimen izenean.

Era berean jakinarazi dute gobernu espainiarrak erantzun positiboa eman diela Martxoak 3 eta Sanfermines 78 elkarteek batera egindako errekonozimendu eta erreparazio eskaera guztiei. Guztira 39 biktima dira, horien artean Gasteizen, Tarragonan, Basaurin, Iruñean eta Donostian eraildako bederatziak (errekonozimenduen zerrenda osoa erantsi da).

Hala ere, abian jarritako ekimena ez dela soilik Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legean jasotako prozedura horretara mugatzen gogoratu dute, baizik eta krimen horietan Estatuak duen erantzukizun nagusi eta zuzena ofizialki aitortzeko eskakizunarekin batera doa. Adierazpen ofizial bat eskatzen da, bertsio ofizial frankista gezurtatzeko eta Espainiako Erresuma poliziaren jarduera kriminalaren erantzule dela aitortzeko.

Eskakizun hori erantzunik gabe dago oraindik, eta azken asteetan eraildako biktimei lotutako udalerrietako osoko bilkuretara eraman da. Gasteizko, Iruñeko, Donostiako eta Astigarragako osoko bilkuren babesa jaso da.

Nazioartetik ere babesa heldu da eta gaur iragarri nahi dute Derryn (Irlanda) 1972ko Bloody Sunday igande odoltsuan eraildako senitartekoen ordezkaritza bat Gasteizen egongo dela 50. urteurrenaren ekitaldietan.

2010ean gobernu britainiarrak bere gain hartu zuen Derryko sarraskiaren erantzukizuna. Albiste horren harira, Martxoak 3 elkarteak elkartasun harremana indartu zuen Bloody Sunday horretan eraildako hamalau biktimen familiekin. 2011n Gasteizen izan ziren.

“Indarra eta nazioarteko proiekzioa eman ziguten Espainiako Erresumari britainiar agintariek egindako adierazpenaren antzekoa exijitzeko. Erantzunik gabe jarraitzen dugu. Ohore bat da aurten gure anai-arreba irlandarrek berriz ere gurekin egotea aldarrikapen honetan laguntzeko” esan du Martxoak 3 elkarteak.

«ESTATUA ERANTZULE» ekimenari babesa biltzen jarraitzeko asmoz, ostegun honetan, otsailaren 26an, jadanik EH BILDU, EAJ, GEROA BAI eta ELKARREKIN PODEMOS/EZKER ANITZA-IU/CONTIGO ZUREKIN alderdien aldeko botoekin udal osoko bilkuretan onartu den mozio hau Eusko Legebiltzarrera iritsiko da:

  1. Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari eskatzen dio aitor dezala Estatuak erantzukizun nagusi eta zuzena duela Gasteizen 1976ko martxoaren 3an eta Iruñean 1978ko sanferminetan egindako krimenetan.
    • Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari eta haren presidenteari eskatzen die maila gorenean adierazpen ofizial bat egin dezatela, 1. puntuan adierazitakoari jarraikiz.
    • Eusko Legbiltzarrak erakunde eskudunei eskatzen die benetako eta behin betiko urratsak eman ditzatela estatu-indarkeriaren biktimen egiarako eskubidea bermatzeko eta, horrela, derrigorrezko justizia eta erreparazioa lortzeko ateak irekitzeko, antzekoak berriro gerta ez daitezen.

Azkenik, datorren martxoaren 3an ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuekin batera egingo diren bi deialdietan parte hartzeko deia egiten du Martxoak 3 elkarteak: Omenaldia monolitoan 17:00etan eta 18:30ean Katedral Berritik Andre Maria Zuriaren plazaraino mobilizazioa eta ekitaldi nagusia.

Era berean, gogorarazi dute larunbat honetan, otsailaren 28an, Martxoak 3 elkarteak biktimen omenezko ekitaldi bat antolatu duela Gasteizko Europa Jauregian, 19:00etan. Edukiera mugatua da (721 plaza) eta, beraz, egoera ulertzea eskatu diete aretoa bete ondoren ekitaldira sartu ezingo direnei. Edukiera arazoa neurri batean arintzeko, alboko gela bat irekiko da, beste 450 lagunek ekitaldia barne-zirkuitu bidez jarraitu ahal izan dezaten.

www.martxoak3.org

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude