Ingurumen Kudeaketa Sailak informazio-kanpaina jarri du abian etxeetako hondakinen kudeaketa egokiaz kontzientziatzeko. ‘Zer dago gure zaborretan?’ lelopean, ekimena maiatzaren 13tik ekainaren 2ra bitartean egingo da Santa Luzia, San Martin, Koroatzea, Goikolarra, Zabalgana, Alde Zaharra eta Adurtza auzoetan.

Ekimenean tailer praktikoak egingo dira edukiontzi grisean (errefusa jasotzen duena) utzitako hondakinen edukia aztertzeko, eta bisitak egingo dira biokonpost-plantara eta udal-zabortegira. Ahalik eta jende gehienarengana iristeko helburuarekin, karakterizazioetan banatuko diren informazio-liburuxkak gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu dira. Halaber, argitalpena arabieraz egongo da eskuragarri, Alde Zaharrean eta Koroatzea auzoan banatzeko, auzo horietan bizi diren migratzaileei informazioa eskuratzea errazteko.

Tailer praktikoak
Tailer parte-hartzaileen dinamika honako hau izango da: Gasteizko hainbat tokitako edukiontzi grisetatik ausaz bildu diren zabor-poltsa batzuk irekiko dira. Poltsak ireki ondoren, aurkitutako hondakin bakoitza teknikoki eta behar bezala bereiziko da, eta modu bisualean erakutsiko da errefusetara botatako zer zatik izan zezakeen bigarren bizitza bat edukiontzi egokian utzi izan balitz.

Jardueran zehar, kaleko 5 edukiontziak erabiltzearen garrantzia azalduko da, eta funtsezko beste bilketa-zerbitzu batzuei buruzko informazioa emango da, hala nola medikamentuetarako SIGRE puntuak, pilak biltzeko puntuak, garbiguneak edo arropa eta olioa biltzeko Koopera zerbitzuak egiten duen lana.

Karakterizazio-tailerrak 18:00etan egingo dira, data eta kokapen hauetan:

  • Santa Luzia. Maiatzaren 13an, asteazkenean, Jacinto Benavente kaleko 17an, Errekatxiki-Santa Luzia auzo-elkartearen ondoan.
  • San Martin. Maiatzaren 19an, asteartean, Vera-Fajardo margolariaren kalean.
  • Koroatzea. Maiatzaren 21ean, ostegunean, Santo Domingo plazan.
  • Goikolarra. Maiatzaren 26an, asteartean, Zalduondo plazan.
  • Zabalgana. Maiatzaren 27an, asteazkenean, Bastida plazan.
  • Alde Zaharra Maiatzaren 28an, ostegunean, Santa Maria plazan.
  • Adurtza. Ekainaren 2an, asteartean, Hegoalde gizarte-etxean.

Bisita instalazioetara
Ekimen pedagogikoa osatzeko, bi bisita egingo dira Tratamendu Mekaniko Biologikoko instalaziora (Biocompost), Jundizen, eta udal-zabortegira, maiatzaren 29an (ostirala) eta ekainaren 4an (osteguna), 10:00etan. Interesdunek izena eman behar dute gasteiz@vermican.com helbidearen bidez. Udalak, gainera, doako autobus-zerbitzua eskainiko du joan-etorrietarako.