“Komunikazioa eta Memoria. Prentsa eta sarraskia: begirada kritikoa” izenburupean erakusketa inauguratu dute atzo Gasteizko Ignacio Aldekoa Kultura Etxean. Ekimena sei astez izango da ikusgai martxoaren 31ra arte, Kultura Etxearen ohiko ordutegian (astelehenetik ostiralera: 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara eta larunbatetan: 9:00etatik 13:30era). Ekitaldia sarraskiaren 50. urtemugaren barruan kokatzen da. Erakusketa azken sei hilabetetan elkarteko zeinbait kidek eta Gasteizko komunikazio alorreko zenbait profesionalek burutu duten elkarlanaren emaitza da. Helburua argia da: 1976an Gasteizen gertatu zen sarraskiaren oroimena gaurko belaunaldien gogora ekartzea. Aztertu den eremua komunikazioa da; zehatzago esanda, Martxoaren 3aren bueltan argitaratu ziren kazeta garrantzitsuenen azalak, bai Euskal Herrian kaleratutakoak, bai gure mugetatik kanpokoak ere. Lau multzotan osatu da bilduma: Euskal Herrian argitaratutako prentsa, Espainiako estatuan kaleratutakoa, boteretik at zeuden argitalpenak eta nazioarteko prentsa. Guztira 25 azal nabarmendu dira. Alderdi grafikoari dagokionez, Luis Ziarrusta argazkilari gasteiztarrak garai hartan egindako zenbait argazki esanguratsuk osatu dute bilduma. Erakusketa osatze aldera, ikus-entzunezko labur bat ere editatu da. Horrez gain, beira-arasetan, gertaera horiei buruz kaleratu ziren beste zenbait aldizkari, objektu, liburu, sasi-albiste eta gogoeta interesgarri ere ikusgai izango dira. Erakusketa bertatik bertara ikusteko bisita gidatuak izango dira asteazkenero. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira eta, gehienez, 15 lagunentzat tokia egongo da.Horretarako, aldez aurretik izena eman behar da hurrengo orrialdera sartuz: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLScX3wlkoreip1INsbGA8t_Thu7oII0MP0piW5Y-UOxiMrsgeg/viewform Erakusketarekin batera bi mahai-inguru izango dira otsailaren 18an eta 25ean arratsaldeko 19.00etan. Lehenengoan, garai hartan kazetari bezala jardun ziren berriemaileak oraingo kazetariekin batera mintzatuko dira. Bestean, orduko hiru langilek asanbladaren balio sozial eta komunikatiboaz hitz egingo dute. “Komunikazioa eta Memoria. Prentsa eta sarraskia: begirada kritikoa” ikusi erakusketa birtuala hemen: https://sites.google.com/view/komunikazioa-eta-m3moria/erakusketa-exposici%C3%B3n www.martxoak3.org Bidalketetan zehar nabigatu M3moria. Antolakuntza. Borroka.