Vital Fundazioaren Berdintasun Zikloa itzuli da eta nobedadeak dakartza 2026an. Alde batetik, edukietan generotik haratagoko beste gai batzuk landuko dira, hala nola edadismoa, LGTBIQ+ kolektiboa, migrazioak eta desgaitasuna; beti bezala, hainbat formatutan etorriko dira gaiok, hala nola musika, antzerkia, umorea eta dibulgazioa. Eta, bestetik, ARKABIAra lekualdatuko da, Vital Fundazioaren espazio sozial eta kultural berrira, Posta kaleko 13-15ean. Aurtengo lehenengo hitzordua martxoaren 6an, ostirala, izango da, 19:30ean, Pitu Aparicioren Encantada de coñocerme ikuskizunaren eskutik, “aurkikuntza pertsonalari eta ‘autokoñozimenduari’ egindako oda, ibilbide satiriko eta ironikoa, sexu-hezkuntzaren bidez, bere gabezien eta gure gorputzei buruz inoiz kontatu ez ziguten informazioaren bidez”. Sarrerak (12 €) salgai daude jada www.arkabia.eus webgunean edo bere egoitzan bertan (Posta kalea 13-15), astelehenetik igandera 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara (astearteetan itxita). Laura Aparicio, arte-munduan eta sare sozialetan Pitu izenez ezagunagoa, hezitzaile eta integratzaile soziala da, aktibista eta sexualitatean, generoan eta droga-mendekotasunean hezitzailea. Hamar urte luze daramatza nerabeei, familiei, hezitzaileei eta hainbat kolektibori laguntzen, haien bizi kalitatea hobetzeko. Madrilgo emakume honen arrakastaren gakoa tailerretan lantzen dituen gaien hurbiltasuna, argitasuna eta enpatia dira. 2025eko maiatzean argitaratu zuen lehenengo liburua, Autocoñocimiento, eta gaur egun biran dabil bere show berriaren eskutik: Encantada de coñocerme. Ikuskizun horretan sexualitateari buruzko gai pertsonalak eta eztabaidagarriak modu ludiko, dinamiko, barregarri eta, batez ere, beharrezkoan jorratzen ditu. Ikuspegi hurbilean, naturalean eta umoretsuan oinarritutako bere zaintza-metodologiari esker, kontatzeko, galdetzeko edo pentsatzeko beldurra ematen zuena pentsamendu kritiko eta ikaskuntza eraikitzaile bihurtzea lortzen du. Pitu Aparicio bere bizitzako une nagusiei buruz arituko da, nerabezaroari eta esnatze sexualari buruz esaterako, hain ikoniko egiten duen umore bereizgarriarekin uztartuz. Apustu pertsonala da eta pentsamendu kritikoak show osoa zeharkatzen du, publikoa besaulkitik gogoeta handietara eramateko, sexu heziketa jaso izan balute, beren bizitzak nola aldatuko ziratekeen hausnar dezaten. Encantada de coñocerme talde-terapia da, eta umore kritikoak eta dibertigarriak harremanei, desioari eta plazerari buruz hausnartzen laguntzen du; bizitza osoan, ustez, ukiezinak izan diren gaiak jorratzeko. www.fundacionvital.eus www.arkabia.eus Bidalketetan zehar nabigatu Maccabi eta Hapoel sakibaloi talde israeldarrei boicot